Nola egin aipuak eta osatu bibliografiak: Hasiera

Ongi-etorri Aipuei eta Bibliografiei buruzko LibGidara!

LibGida honen helburua da lan akademikoetan erabiltzen ditugun informazio-iturrien datu bibliografikoak zorrotz jasotzeak duen garrantzia azpimarratzea eta baliatzen dugun informazioa arduraz, etikoki eta legalki nola erabili erakustea.  

LibGida honetan, besteak beste, azalduko dugu argitalpen bat zein elementuk identifikatzen duten, eta dokumentu mota desberdinetan aipu bibliografikoak eta erreferentziak sortzean elementu horiek modu egokian nola erabili, estilo edo arau desberdinetan oinarrituta.

Aipuak, erreferentzia bibliografikoak eta bibliografia. Zer da zer?

Aipu bat egitea da informazio jakin bat lortzeko erabili dugun dokumentuari (artikulua, liburua, webgunea, etab.) aipamena edo erreferentzia egitea. Erreferentzia guztiekin lanaren amaieran gehitzen den bibliografia bat osatzen da. Bai aipuak, bai erreferentzia bibliografikoak, estilo bibliografiko batean definitutako arau edo estandar jakin batzuen arabera egin behar dira beti.

Zergatik da garrantzitsua aipuak egitea?

Lan akademiko bat idazterakoan, ezinbestekoa da erabili ditugun informazio-iturriak aipatzea.

Modu horretan:

  • Beste egile batzuen balioa aitortzen eta eskertzen dugu egindako lanagatik

  • Lantzen ari garen gaia dagokion testuinguruan kokatzen dugu

  • Irakurleari gure testuaren mugatik haratago doazen edukiak zabaltzeko aukera ematen diogu

  • Gure ikerketa-lanari sinesgarritasuna eta fidagarritasuna ematen diogu

  • Plagioa saihesten dugu