Aipuak: Aipu, erreferentzia eta bibliografia hitzen definizioak

1. Aipua

Gure testuetan besteen ideia, esaldi edota dokumentuak jasotzen ditugunean, informazio-iturri horiei egiten dizkiegun erreferentzien forma laburtua da aipua, hau da, besteengandik hartzen dugun informazioaren iturria aipatzeko modua. 
Testu barruan zenbaki, izartxo edo parentesi arteko ohar gisa txertatzen da, eta kapituluaren amaieran edo dokumentu osoaren amaieran jartzen den erreferentziarekin osatzen da.

2. Erreferentzia bibliografikoa

Gutxieneko datu eta elementu bibliografikoz osatutako multzo egituratu bat da, aipatua izan den dokumentua erraz eta zalantzarik gabe identifikatzeko aukera ematen duena. Dokumentu baten funtsezko ezaugarriei (egilea, izenburua, data, argitaletxea, URLa, orrialdeak...) buruzko informazioa ematen digu, dokumentua identifikatu eta aurkitu ahal izateko. 
Oin-ohar gisa, kapituluaren amaieran edo dokumentu osoaren amaieran agertzen da.

3. Bibliografia

Erreferentzia bibliografikoekin osatutako zerrenda ordenatu bat da. Bertan jasotzen dira gure lan akademikoa idazteko kontsultatu ditugun dokumentuak, edota lanean aipatu ez arren, gure lana osatu edota aberasteko aukera eman dezaketenak.
Lanaren amaieran agertu ohi da.

 

4. Estilo bibliografikoa

Estilo bibliografikoak arau multzo bat dira. Arau horiek zehazten dute dokumentu mota bakoitzeko zein datu sartu behar diren, baita datu horiek transkribatzeko zein ordena eta formatu tipografiko baliatu behar den ere.